XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Colbert, Luis XIV. ministro ahaltsua, frakaso horren jabe egin zen, eta mendearen erdi aldera, Estaduak berriro esku sartu behar izan zuen arazo horretan.

Koloniako lurraldeak frantses probintzi bihurtu zituen, la Nouvelle France eratuz, eta komertzioaren hustiapenerako konpaini berri bat ere kreatu zuen.

Lehen aldiz, horrela, koloniatan egiazko gobernu bat bazen, Frantziako Gortearen aurrean erantzungo zuena.

Horrela hasi ziren lurraldearen barrualdera frantses esploraketa handiak.

Ifarameriketako hibaitik zehar Laku Handietaraino, eta Mississipiaren ertzeraino iritxi ziren.

La Salle-k aurkitu zuen hibai handi horren bokalea, eta ondoren, beherantz jaitsi ziren 1682an.

XVI, XVII, XVIII. mendeetan, Frantzia Berria egundoko eremu zabala zen, Kanadako hegoaldeko lurrak ez ezen gero Estatu Batuak izango zireneko zati handi bat ere barruan sartzen zelarik; oraindik ere ez dago garbi zehaztuta nondik doazen mugak.

1668 urte ingurura, bi frantziar esploratzaile, larru trafikori ezarri zitzaizkion oztopo ofizialengatik asperturik, Ingalaterra Berrira joan ziren, eta handik Londresa.

Ingles merkatari talde bat komentzitu zuten frantses monopolio hori birrintzea posible zela kanadiar lurraldean San Lorenzo Golkotik ez baina Ifar aldean goragotik, Hudson Badiatik, sartu alegia.

1670ean Hudson Badiako Konpainia eraturik geratu zen; bide batez, britaniar monopolioaren jabe egin ziren Badia hartan urak isurtzen zituen lurralde handi zabal guztian.

Horrela, Frantzia Berria, inguraturik geratu zen, ifarretik erakunde berria zuelarik eta San Lorenzotik hegoruntz britaniar eta holandes koloniak, Irokes jende beldurgarriarekin baturik beti.

Harrezkero, lixkarrek eta borrokek ez dute amairik izango mende guztian zehar.

Larru komertzioaren jabe nor izango, azken batean, beste helbururik ez zuten borroka hauek.

Bestalde ere Frantzia eta Ingalaterra artean bizirik jarraitzen zuen gerraren luzapen bat ere ba zen, noski.

Aldi honetan, Frantzia Berria egoeraren jabe egin zen.

San Lorenzo, Laku Handiak, eta Mississipi hibaiaren bokalea kontrolaturik zeukatelarik, gerrarako bentaja handia zuten, era horretara etsaien baliabide handiak kontrolatzen bai zituzten: populazio handiagoa, aberastasun handiagoa, eta Ingalaterraren untziteriaren ahalmena.

Egoera estrategiko hori aseguratzeko, Galissoníereko Markes Gobernadoreak espedizio bat antolatu zuen eta inglesen tropak atzetik jo zituen, 1749an Ohioko ibarra okupatuz.

Hauxe izango zen Frantziak Amerikan emango zuen azken eraso handia.

1753an, Frantzia Berriak indarra izan zuen oraindik britaniar atake bati eusteko, Ohio ondoan; eraso hori Georges Washington izeneko gazte batek gidatu zuen.

Baina orduz geroztik, inglesek gerra beste tokietara ere zabaldu zuten, metropolitik hartu zuten laguntzari esker, eta zazpi urtetan zehar frantsesei burua makurtu erazi zien izandako borroka guztietan; Frantzia Berria blokeatu zuten, Quebec setiatu, eta Montreal armak errenditzera behartu zuten (1760).

1763ko Parisko Itunarekin amaitu zen frantsesen mendeketa Ifar Amerikan.

Mississipitik Mendebaldera zeuden lurraldeak, Luisiana, alegia, Espainiari emanak izan zitzaizkion, eta Frantzia Berriko lurrak, hibai handi honen ekialdera zeudenak, Britania Koroari atxekiak.